XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Errinozeronteak ez zuen deus ulertzen, ezta nahi ere: nahiko lan bazuen trenaren triki-traka eta balantza etengabeei mareatu gabe eusten: gezurra ematen du korrika lasai ibili beharrean nola asmatzen dituzten honelako tramankulu tzarrak, barruan doazenak zoratzeko.

Bai, nahiko zoratu eta zorabiaturik zihoan animalia gaixoa, baina horrez gain agurea zuzen zegoen, txartelaren beldurrez ez zitzaien bidazti ez zaindaririk hurbildu, eta bidean ez zuten beste arazorik izan, ezpada jatekoarena.

Izan ere, errinozeronteak eguneko hogei kilo belar behar zituen, eta Afrikatik Parisko zoora ekarri zutenean beste horrenbeste ematen zioten, belar ebakia bazen ere.

Orain, trenean, goseak zegoen, eta gosetzen zen guztietan bezala, amorratuta: brrrr, brrrr.

Nondik atera belarra ordea Parisko tren batean?

Ez zen gauza erraza.

Lasai, pentsatuko dugu zer edo zer, esaten zion aitonak, baina bitartean beste jatekorik ez eta errinozerontea eserlekuetan horzka hasi zen.

- Baina...

Zer esango dute gero... hasi zen aitona, baina errinozeronteak ordea, ez zion kasurik egin; eserlekuetako goma guztia jan eta gero ase ez zenez paretetan hasi zen uxarrean